San Joanak

SAN JOAN BEZPERA

San Joan bezpera (4)

Azken urteetako ohiturari jarraituz, suaren inguruko festa ospatu genuen Ezkioko eliz atarian.
San Joan sua eta gau honetako festa eguzkiaren omenez eta ohoretan egiten dira eta tradizioz, gau honetako osagai nagusiak hiru dira: SUA, URA eta BELARRAK. Gau magiko honetan, hiru osagai hauek halako indar eta ahalmen berezi batzuk hartzen dituzte: gizaki eta abereen gaixotasunen, soro eta zelaietako gaitz eta izurrien, eta espiritu gaiztoen kontrako indarra hartzen dute.

San Joan bezpera (1)

Aurreko urteetan bezala, 20:30ak inguruan herritar talde bat eliz atarian elkartu ginen eta bertan afalduaz ematen genion jaiari hasiera. Urtez urte, elizako arkupetan kokatzen den mahaia luzatzen doa, geroz eta bizilagun gehiago gau magiko hau lagun artean ospatzera animatuz. Yartu Kultur Elkartearen eskutik sagardoa eta ‘queimada’ banatu ziren, gaua eta gorputzak epeltzeko txokolate beroarekin batera.

22:00ak aldera, afaria amaitu eta kanpai hotsak ixiltzearekin batera ,karraka soinuaz lagunduta bertaratutako azti eta sorginek bandoa irakurtzeari ekin zioten.Gertakizun eta pentsamendu txar guztiak sua egiteko prestatuta zegoen pilora bota zituzten eta berahala su emanez denak bertan erre ziren.
Txikiak gora eta behera korrika, helduak ‘queimada’ eta gazteak txokolatea eskuetan, suari erne begiratzen zioten,bai bertan afaldu, nahiz afalostean bertaratutakoek, gau honen magia sentituz.

San Joan bezpera (2)

San Joan bezpera (3)