San Joan bezpera

Aspalditik dago egun honetan Ezkio-Itsasoko baserrietan ere San Juan sua piztu eta traste zahar edo belar txarrak erretzeko ohitura, baina 2001 urtean hasi ginen egun hau berpiztu nahirik Ezkioko eliz aurrean sua egin eta bertan parte hartzeko deialdia herritar guztiei zabalduz, gau “majiko” hau festa giroan ospatzeko.

Sua piztu aurretik Ezkioko eliz atarian elkartzen da jendea afari-merienda egiteko. Yartu Kultura Elkarteak Igartubeitin egindako sagardoa eramaten du nahi duen guztiarentzat.
Afaria norberak eramaten du, baina afalosteko “keimada” eta txokolate beroa Yarturen kontura izaten dira.

Egun hau ospatzeko “festa” ere aldatuz joan da;hasierako urtetan herriko “sorginek” dantza egiten zuten sua piztu ondoren horren inguruan. Geroxeago Murumendiko Mari eta Eguzki Amandrea etortzen hasi ziren. Orain berriz, lamia eta jentilak etortzen dira sua piztu aurreko bandoa irakurri eta zitalkeri guztiak sutara botatzera.

Utzi erantzun bat