SANTA ESKEA 2017

 

Aurtengo santa eskea jendetsua eta festa girokoa izan dugu.

Talde bikaina elkartu zen otsailaren 4 iluntzean Ezkion,Eneko Dorronsoro eta Iñaki Larrñagaren trikiti eta pandero doinuez lagunduta, bertatik hasi bait zen aurtengo ibilaldia.

Ezkioko ostatuan abestu eta indarrak berritzeko txistorra mokadutxoa hartu ondoren Santa Lutzin egin zuten hurrengo geldialdia. Hemendik Etxeberrialde/Mirandara egin zuten salto eta hemen sorpresa atseginarekin egin zuten topo. Kopla zahar eta berriak abestu ondoren, Mirandan ere ongi-etorria prestatuta zeukaten!! Iazko sustoa eta larrialdiak ahazteko mokadutxo goxoa eskaini zioten taldeari. Mila esker benetan!!!

Etxeberrialdetik barna, Errekabarrenan eta Iturgainen egin zituzten geldialdiak kopla kantari eta aurtengo ibilaldiari eskola azpiko Topa tabernan eman zioten amaiera. Hemen ere kantu saioa egin ondoren,  festa giroak goizeko ordu txikiak arte jarraitu zuen bertako jangelan afari, kantu,dantza eta kontuekin.

Hurrengo urtean berriz!!!!

 



BRASIL

p1100626 Joan den azaroaren 26an, Hego Ameriketako herrialde zoragarri hau ezagutzeko aukera izan genuen.

Aritz Zumarraga Ezkiotarrak eta Alexandre De Souza Brasildarrak eskaini ziguten hitzaldia.Aritzek euskeraz egin zigun eta Alexandrek gazteleraz, baina eskertzekoa da Euskerazko hitzak esateko egindako ahalegina.



DEKORAZIO TEKNIKEN IKASTAROA

Uztaileko 3 ostiral arratsaldetan, dekorazio teknika desberdinak ikasteko ikastaroa izan dugu udaletxe azpiko aretoan.

Jende gehiagok izena eman eta interesa azaldu bazuen ere, adostutako ordu eta egunetan 9 lagunek izan dute posible bertaratzea. Maite Fernandez eta Helena Herreros izan teknika hauen irakasle.

Batetik, transfer teknika erabiliz, egurrezko ohol zatiak dekoratzen ikasi dute eta bestetik kristalezko potoak dekoratzen.

Denboraz motz xamar geratu bazaie ere gustora aritu dira ikasleak, eta oso lan politak egin dituzte. Hurrengo ikastaroan gehiago!!



LAPURDIKO KOSTALDEA EZAGUTUZ

Ez da lehenengo aldia, Fermin Leizaolaren gidaritzapean, Iparraldea ezagutzeko irteera egiten duguna, baina oraiangoan ere izan dugu zer ikusi eta zer ikasi.

Ia 40 laguneko taldea izan ginen pasa den uztailaren 16an, Lapurdiko herri eta txoko desberdinak bisitatu eta bertako historia eta istorioen azalpenak jasotzen.

Lehenengo geldia Urruñan egin genuen, eta bertako parrokia ikusteaz gain, Sokorriko Amaren ermita ere bisitatu genuen.

Ondoren etorri ziren Azkaine eta Sarako bisitak. Saran indarrak berritzeko geldialditxoa egin eta Senpere, Ahetze, Bidarte,  Donibane Lohitzune eta Hendaia ikusteko aukera izan genuen.

Eguraldia lagun, primeran pasa genuen!



ERAKUSKETA SANTA LUTZIAN

Aurtengo San Pedro festetan, erakusketa zoragarria ikusteko aukera izan dugu Udaletxe azpiko aretoan. Bertan aspaldiko argazki eta gauza desberdinak izan ditugu ikusgai.

Oso harrera ona izan du eta jende ugari hurbildu da bisitan. Argazki zaharretan falta ziren datu batzuk ere jaso ahal izan dira.

Mila esker Junkali antolaketarako gidaritza lanengatik, baina baita erakusketarako gauzak utzi, erakusketa prestatzen lagundu eta nola ez ,ikustera hurbildu zareten guztioi!!



SAN JUAN BEZPERA

Urtero bezala, eta iluntzeko eguraldi kaxkarrari aurre eginez, 70 lagun inguru elkartu ziren su-festaren aurretik afari merienda egitera eliztarian horretarako prestatu zeuden mahaitera. Afari legea, bakoitzak berea antolatzen bazuen ere, Igartubeitiko sagardoa edateko aukera izan zen Yarturen eskutik.



BOLI, BILI,BOLI

P1080904 Apirilaren 23an, Ganbara Guraso Elkartearekin batera, BOLI, BILI, BOLI antzerki emanaldia izan genuen Zanpart Teatro taldearen eskutik.  Juan Kruz Igarabideren ipuin eta olerkietan oinarritutako emanaldia izan zen txiki eta ez hain txikiak adi-adi mantentzea lortu zuena.



ANDONI SALAMEROREKIN SOLASALDIA

BIOBERATASUNA Apirilaren 22an, Andoni Salamerorekin BIOBERATASUNARI buruzko hitzaldi teoriko- praktikoa izan genuen eta gustora egon ginen bertan.



JAKOBA ERREKONDOREN HITZALDIA

Apirilaren 8an, Jakoba Errekondo izan genuen herrian bere BIZI BARATZEA liburua aurkeztu eta bertaratutakoen galderei erantzuten. Jendea gustora eta aretoa bere azalpenak entzuteko beteta.

Hitzaldiaren amaieran, oraindik eskuratu gabe zeukatenek, liburua bertan erosteko aukera ere izan zuten.

Aurkeztutako liburua, ARGIAk argitaratutakoa da eta hitzaldia bera aurkezten Garikoitz eta ARGIAko kazetari den Mikel izan genituen.Mikelek berak ere badu loturarik Ezkiokin, ama bertakoa bait du.



SUKALDARITZA TAILERRAK

Pazko asteko bi arratsaldetan haur eta gaztetxoek sukaldaritza tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten.

Tailer hauek Josu Landa, Ezkioko ostatuko sukaldariak gidatu zituen eta bi taldetan banatu ziren parte hartzaileak.